Durango euskalduntzea helburu duen Berbaro elkarteak 35. urteurrena ospatuko du maiatzaren 31n, eta urtemuga horretarako ekitaldiak ‘Bagara nor’ goiburupean egingo dira.
Aukeratutako leloarekin “euskaraz bizitzeko eta euskararen alde lan egiteko harrotasun eta aldarrikapenean jarri nahi dugu arreta”, Pello Zabarte Berbaro elkartearen presidentearen esanetan. Izan ere, “euskaldunak bagara nor, euskaltzaleak bagara nor eta berbarotarrak bagara nor”, azpimarratu du.
Berbaro euskara elkartea 1989. urtean sortu zen, sasoi hartan “Durangon euskaraz bizitzeko zeuden zailtasunek kezkatuta”. Egoerari aurre egiteko euskaltzaleak aktibatu ziren “Durango euskalduntzeko helburuarekin”.
“Orduz geroztik, berbaz berba eta aroz aro egin dugu aurrera, hamaika proiektu eta saltsatan murgilduta. Euskararentzat uneak eta guneak sortzen. Ez garela menpeko perpausa erakutsi dugu: haurrekin, gazteekin zein helduekin sortu ditugun hamaika proiektutan”, nabarmendu du Zabartek.
Ospakizuna egun zehatz batean zentratuko da, maiatzaren 31n hain zuzen, eta Durangoko Euskaltzale guztien egunerako prestatutako egitaraua aurrerago emango da ezagutzera.