Durangoko Berbaro elkarteak ‘Labur esanda’ film laburren lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du irailaren 10 eta 11rako. Parte hartzaileek barikuan, 16:00etan, ezagutuko dituzte pelikulan erabili beharko dituzten gaia, objektua eta esaldia, eta hortik aurrera 24 ordu izango dituzte euren lanak sortzeko eta entregatzeko.
‘Labur esanda’ lehiaketan edonork hartu dezake parte eta horretarako emaila bidali behar da laburesanda@berbaro.eus helbidera.
Lehiaketak, aurten ere, 500 euro banatuko ditu sarituen artean. Talde irabazleak 300 euro eskuratuko ditu eta beste bi talde finalistak 100na euroko saria jasoko dute.
Aurreko edizioa Plateruena Kafe Antzokian egin bazen ere, aurten San Agustin Kultur Gunean egingo da, eta bertan emango dira ezagutzera lehiaketaren oinarriak. Aurkeztutako lan guztiak areto horretan jarriko dira ikusgai zapatuan, 20:00etatik aurrera eta emanaldira joan gura dutenek aldez aurretik sarrerak hartu beharko dituzte, doan.