Durangoko Berbaro elkarteak Korrika Txikiaren ostean egingo den ‘flashmobe’aren koreografia ikasteko bideoa egin eta sare sozialetara igo du. Bertan agertzen diren lau gazteek, 21. Korrikaren doinuan oinarritutako pausoak erakusten dituzte.
‘Klika’ goiburua duen 21. Korrika eguenean abiatuko zen Nafarroako Gares herritik eta Gasteizen amaituko da apirilaren 14an. Lasterraldi herrikoiak apirilaren 13ko arratsaldean eta iluntzean zeharkatuko du Durangaldea eta herri gehienetan ekitaldi ugariz osatutako egitarauak prestatu dituzte lasterraldiari ongi etorria emateko.
Egitarauen barruan, hainbat lekutan egingo diren Korrika Txikiak nabarmenduko dira, gehienak apirilaren 12an. Durangokoa esaterako, egun horretako arratsaldeko hiruretan abiatuko da Jesuiten ikastetxetik eta ordu erdi geroago amaituko da Kurutziaga ikastolan. Ondoren, ‘flashmoba’ren grabaketa egingo da.