Durangoko Berbaro Elkarteak ‘Udaberrian Olgetan’ ekimena prestatu du martxoaren amaierarako eta apirileko lehen egunetarako. Euskaraz egingo den egonaldia 4 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxoei zuzenduta dago.
Berbarok prestatutako egonaldiak martxoaren 29tik 31ra eta apirilaren 6tik 9ra egingo dira, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00etara. Bertan parte hartzen dutenek jolasak, eskulanak, tailerrak eta bestelako ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute.
‘Udaberrian Olgetan’ aste biko egonaldia izango da. Lehenengo saioak martxoaren 29, 30 eta 31an izango dira eta bigarrenak apirilaren 6, 7, 8 eta 9an. Hala ere, “asteka izena emateko aukera ere egongo da” adierazi du dute antolatzaileek.
Izen-ematea otsailaren 25era arte egongo da zabalik, eta Berbaroren webgunean egitea lehenesten bada ere, Berbaroren bulegoan (Laubideta kaleko 6C-an) ere egin daiteke inork horrela beharko balu. Plazak izen-emate ordenan emango dira.
Antolatzaileek adierazi dutenez ekimenak “modu seguruan” egingo dira, prestatu duten ekintzetan “gomendatutako osasun neurriak” bete egingo baitira.
‘Udaberriak Olgetan’ bere osotasunean egin nahi duten Berbaroko bazkideek 70 euro ordainduko dituzte eta besteek berriz, 90 euro. Lehen asterako prezioak 36 eta 45 eurokoak izango dira bazkideentzat eta besteentzat, hurrenez hurren, eta bigarren astekoak 48 eta 60 euro kostatuko dute.