Urte berezia da aurtengoa Berbarorentzat, izan ere, 30 urte igaro dira elkartea jaio zenetik. Horren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte, baita egun osoko jaialdi bat ere, ekainaren 1ean ospatuko dena. Berbaroko lagun eta Durangoko euskaltzale guztiak gonbidatu nahi dituzte elkarteko kideek.
Udaberrirako prestatu duten egitarau bereziari asteburu honetan emango diote hasiera. Domekan, bertsoa eta bakarrizketa uztartzen dituen ‘Erradikalak gara’ emanaldia eskainiko dute Plateruenan 20:00etatik aurrera. Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Elgezabal antzerkilari eta ipuin kontalariak sortutako ikuskizuna da. Astelehenean, Txoborro magoak umeentzako ikuskizuna eskainiko du Plateruenan bertan 17:00etan hasita.
Egun osoko egitaraua
Ekainaren 1eko egitarauari, 12:30ean emango diote hasiera bertso-poteo musikatuarekin. Ondoren, 15:00etan, bazkari herrikoia egingo dute Plateruenan. Bazkalostean, urteurreneko ekitaldia eta Durangoko hainbat sortzailek sortutako ‘Ez gara menpeko perpausak’ ikuskizuna egongo dira.
Eguna amaitzeko, 18:00etan, Txirimoya Sound-ek girotuta, poteoa hasiko dute alde zaharrean. Dagoeneko bazkarirako txartelak salgai daude Berbaroko bulegoan, Plateruenan eta Anttonio’s tabernan.