
Guatemalan eta Perun Berdintasunaren arloan diharduten hainbat ordezkarik Elorrio bisitatu dute aste honetan. Bisitariek arlo horretan eta Indarkeriaren Aurka Elorrion eta Durangaldean egiten den lanketa ezagutzeko aukera izan dute.
Guatemalako AMLUDI Emakume Elkarteko kideek zein Elorrioko Udaleko ordezkariek elkarri eskertu zioten azken asteotan izandako bizipen eta jasotako ezagutza berriengatik. Asteazkenean egindako bisitaldian Idoia Buruaga alkateak eman zien ongi etorria.
Ekitaldian, Indarkeriaren Aurkako Durangaldeko Protokoloaren nondik-norakoak ezagutu ahal izan zuten Guatemala eta Perutik etorritako ordezkariek. Ekimen horren azalpenak eskualdeko hainbat berdintasun teknikari eta Mankomunitateko langileek eman zituzten.
Durangaldeko ordezkariek ere AMLUDI elkarteak orain arte izan duen esperientzia ezagutzeko aukera izan dute. Ondoren, eguerdi aldera, Elorrioko eskoletara bisita egin zuten, horietan hezkidetza nola lantzen den ezagutu asmoz.
Arratsaldean, Elorrion bisita gidatua egin ostean, herriko Emakume Elkarteekin esperientzia elkar trukaketa egin zuten udaletxean. Bertan, Aratxu Uriarte Berdintasun zinegotziaz gain, Elorri Lore, Lilika, Alargunen taldea eta Bilgune Feministako kideekin bildu ziren.
Duela aste batzuk, Elorrioko Berdintasun teknikariak Guatemalako hainbat toki bisitatu zituen Euskal Herritik joandako ordezkaritza batekin.