Elorrioko Udalak astelehenean ospatzen den Berrio-Otxoa egunerako egitarau xumea prestatu du, Bizkaiko lurralde osoa jaieguna den arren.
Eguneko ekitaldiak, goizeko 10:00etan herriko txistulariek egingo duten kalejirarekin eta eguerdiko 12:00etan Meza nagusia izango da Basilikako Koruaren partaidetzarekin. Elizkizunaren ostean hamaiketakoa egongo da Berrio-Otxoa kalean eta eguneko egitaraua osatzeko Berrio-Otxoa Orfeoiaren kontzertua egongo da 20:00etan Santa Anako elizan.
Gaur eta bihar, Elorrioko eta Bizkaiko zaindariaren jaiegunaren inguruan prestatutako ekitaldiak egongo dira, tarteko, egun bietan egingo diren hirigunea ezagutzeko bisita gidatuak. Ekimena, turismo bulegoak prestatu du eta parte hartzeko beharrezkoa da 946820164 telefonora deitzea eta turismo@elorrio.eus e-mailera idaztea.
Gaur, gainera, gaueko 22:30ean, Yllana antzerki konpainiak ‘Trash!’ ikuskizuna eszenaratuko du elizpean.
Biharko egitaraua berriz, Elorrixa Ekologi Taldeak antolatutako Azoka ekologikoarekin abiatuko da. Goizean zehar egingo den ekimena, Nizeto Urkizuko aparkalekua izango du kokagune.
Arratsaldeko 18:00etan, Hori-hori pilota elkarteak antolatuko Bizkaiko Opena 2022ko pelota partiduak egongo dira. Jaialdia kadeteen partiduarekin abiatuko da eta Agirresarobe elorriarra eta Otxandio zornotzarrak Gerrikabeitia eta Nogeiras durangarren kontra jokatuko dute. Bigarren partidua, gomazko paleta mixtoa modalitatean jokatuko da eta lau lehiakideak elorriarrak izango dira, Agirresarobe eta Belamendiak osatutako bikoteak Bikuña eta Escribanoren kontra jokatuko baitute.
Domekako ekitaldiak Bucraá Circus konpainiak 20:00etan herriko plazan eskainiko duen ‘El gran final’ ikuskizunarekin osotuko da.