DBH3 eta DBH4 ikasten ari diren gazte berriztarrei eta horien gurasoei zuzendutako ‘Nahi dudalako!’ kanpainarekin bat egin du udalerriak, Bizkaiko beste 14 herrirekin eta 3 mankomunitaterekin batera. Ekimenaren helburu nagusia DBH euskaraz egin duten gazteek hortik aurrerako ikasketak ere euskaraz egitea da.
Erabaki hori hartzen laguntzeko, informazio zabala eskaintzen duen www.nahidudalako.eus webgunea da kanpainaren ardatza. Gune horretan “gazteek Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko duten eskaintzaren berri zehatza jasoko dute”, adierazi dute Berrizko Udaletik.
Horrez gain, “Unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ematen du webguneak eta horrekin batera, etorkizunera begira, izan ditzaketen hainbat zalantza argitzeko balioko die”.
Webgunean sartu eta bertan dagoen inkestan parte hartzen duten gazteek hainbat sari irabazteko aukera izango dute; hola nola, iPad (8th generation) Wi-Fi, Homepod bozgoragailu inteligentea eta kultura eta kirol materiala erosteko 200 euroko opari txartela.
Hitzaldi sorta
Gune horretan eskaintzen den informazioaz gain, kanpainaren berri ematen duen diptikoa eta kanpainaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna jaso dute etxean gazte eta guraso berriztarrek.
Horrekin batera gazteentzako hainbat hitzaldi ere antolatu dira. Saioetan, euskaraz ikastearen garrantzia nabarmendu eta www.nahidudalako.eus webgunean zer aurkituko duten azalduko zaie gazteei. Hitzaldiak, Xabi Hoo, Pello Reparaz, Egoitz Txurruka, Ane Guria eta Zuriñe Hidalgok emango dituzte eta solasaldietan hizkuntzak beraien bizimoduan izan duen garrantzia azaldu eta gazteak horren inguruan gogoeta egitera bultzatuko dituzte.
Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu duen proiektu honetan, parte hartzen duten Durangaldeko udalerri bakarrak Berriz eta Elorrio dira. Gainontzekoak, Arrigorriaga, Basauri, Berango, Bilbo, Erandio, Etxebarri, Getxo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Zierbena eta Abanto-Zierbena udalerriak eta Enkarterriko, Txorierriko eta Uribe Kostako mankomunitateak dira.