
Berrizko Kultur Etxean ospatuko da bihar, 17.30etatik aurrera, 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketari hasiera emango dion saioa. 56 bertsolarik eman dute izena edizio honetarako eta abendura arte iraungo duen txapelketa eraberrituta dator egitura aldetik, Udabarriko eta Udazkeneko faseak izango baitira.
Sei lehiakide izango dira lehengo ekitaldian eta Aitor Bizkarra abadiñarra eta Beñat Romero zornotzarrarekin batera, Iñaki Lersundi, Lander Ibarluzea, Mikel Galarza eta Peru Vidal izango dira Berrizko agertokian. Aurkezle eta gai-jartzaile lanetan Itxaro Juaristi ariko da.
Sei bertsolariek hiruna bertso ofiziotan, zortziko nagusian, abestu beharko dituzte hasteko eta jarraian hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian, eta launa kopla ofiziotan, lauko handian eskaini beharko dituzte. Amaitzeko, bakarkako lanari ekingo diote, gai bati buruz bi bertso abestuz, doinu eta neurri librean.
Bihar hasi eta apirilean eta maiatzean jokatuko den Udabarriko fasea, bederatzi saioz osatuko da. Berrizkoaren ondoren egingo diren ekitaldiak Bermeon, Erandion, Ondarroan, Derion, Gueñesen, Orozkon, Arrigorriagan eta Getxon izango direla.
Bertsolariek puntuazioaren arabera sailkatuko dira urrian hasiko den Udazkeneko fasera. Abenduko finala jokatu aurretik bost kanporaketa eta hiru finalaurreko egingo dira.
30 bertsolari Udazkeneko fasean
Udazkeneko fasean 30 bertsolari arituko dira guztira. Hori dela eta, noizbait finalista izan diren eta aurten parte hartzeko izena ematen dutenek baldintzatuko dute Udabarriko fasetik sailkatuko direnen kopurua. Gainera, 2014an finalista izandakoak finalaurrekoetan sartuko dira.
Gaur egungo txapelduna den Fredi Paiaren tokia hartzen ahaleginduko dira guztiak, Algortako bertsolariak jantzi baitzuen txapela 2014an izandako azken Txapelketan. Txapelketa gehien irabazi dituen bertsolaria berriz, Igor Elortza durangarra da, bost aldiz jantzi baitu txapela (1998, 2000, 2002, 2004, 2008 urteetan hain zuzen).