
Berrizko Oka Elkarteak antolatutako ‘Zaindu maite duzun hori’ sormen jaialdiak diziplina ezberdineko 30 artista inguru bilduko ditu domekan, hilak 11, arratsaldeko 18:00etan hasita.
Kultur Etxean izango den agerraldiarekin “herriko hainbat diziplinatako artistei elkarrekin sortzeko eta beraien lana erakusteko aukera” eman nahi diete antolatzaileek.
Lehenengoz egingo den ‘Zaindu maite duzun hori’ jaialdiak modu profesionalean zein amateurrean diharduten herriko musikari, margolari, dantzari, bertsolari, eskultore, aktore eta idazleek bilduko ditu.
Agertokian Maite Lopez, Ander Lipus, Koru Herrikoia, Etxe, Maialen Narbaiza, Gorka Lazkano, Odei Arrizabalaga, Eneritz Gorrotxategi, Miren Amuriza, Martin Sarasketa, Unai Uribe, Felix Larrañaga, Mikel Esteban, Martzel Vargas, Andoni Olariaga, Dana eta Danieuris Moya, Bittor Camara, Oihane Unzalu, Iokin Elortza, Maite Berriozabal eta Iñaki Elortza izango dira.
Partaideek, binaka edo hirunaka, elkarrekin prestatutako sorkuntza lan laburrak eszenaratuko dituzte.
Emanaldirako sarrera debalde izango da, baina bertaratu nahi duenak liburutegian aldez aurretik jaso beharko du.