Berrizko Okango auzoan Mikel Deunaren jaiak ospatuko dituzte eguenetik domekara bitartean. Egitarauan musika kontzertua, txirrindulari lasterketak edo herriko baselizetatik egingo den oinezko ibilaldiak tartekatuko dira.
Eguenean 19:00etan jarriko duten Donien-atxarekin hasiko dira ospakizunak. Barikuan meza egongo da 19:00etan, eta ondoren, odoloste dastatzeko aukera egongo da eta bolo txapelketa hasiko da, non hiru jaurtitzaile onenek parte-hartzaileek jarritako dirua jasoko duten.
Zarrabetea eta gitarra
Umeen jolasak egongo dira zapatuan 17:00etatik aurrera eta ondoren txirrindulari lasterketa herrikoiak egongo dira, 13 urtetik beherakoentzat eta 14 urtetik gorakoentzat. 20:00etan zarrabetea jotzen duen Gorka Bravoren eta Mikel de Reparaz gitarrajolearen kontzertua hasiko da.
Domekarako XXVII. Berrizko baselizen oinezko ibilaldia antolatu dute, luzera desberdina duten bi ibilbiderekin. Luzeak 24 kilometro izango ditu eta goizeko 7:30ean irtengo da; laburrak 14 kilometro izango ditu eta 9:00etan abiatuko da. Izen ematea irteera bakoitza baino 15 minutu lehenago egingo da.
11:00etan auzoko hildakoen omenezko meza emango da, eta ondoren, Iremiñe dantza taldearen agerraldiarekin emango diote amaiera aurtengo ospakizunei.