Berrizko Udalak Inauterietan egiten diren ospakizunak berreskuratuko ditu eta aurtengo lotu duen programazioa aste honetako eguenetik zapatura burutuko da. Kultur Arloak prestatutako egitarauan zirkua, diskofesta eta musika agerraldiak tartekatuko dira.
2022ko Iñauteriak zirko emanaldiarekin abiatuko dira eguenean, hilak 24. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Kolektivo Konika konpainiak ‘Nire sudur punta’ ikuskizuna eskainiko die Olakueta frontoira gerturatzen direnei, saioan porte akrobatikoak eta kantua uztartuz.
Bariakuan, etxeko gazteenentzat prestatutako diskofesta egongo da probalekuan, arratsaldeko 18:00etan hasita.
Aurtengo programazioa zapatuan egingo diren bi musika ekitaldirekin osatuko da. Eguerdian, Kantu Kolore taldeak ‘Peru krokodiloa’ ikuskizuna eskainiko du frontoian eta arratsaldeko 19:00etan Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren musikariek osatzen duten Pasadena bikotearen kontzertua egongo da Berrizko Kultur Etxean.