Udalak Berrizko Jubilatuen Etxea Nagusien Etxea-Pertsona Nagusien Zentroan bilakatu du, eta, horretarako, alboko lokala birgaitu du. Guztira 350 metro karratuko azalera duen espazioan, orain arte eskaintzen ziren zerbitzuei zahartze aktiboago eta osasuntsuagora bideratutakoak gehitu zaizkie.
Eraberritze integralerako 540.000 euroko inbertsioa egin ondoren, Udalak inauguratu duen espazioan jubilatuen ohiko jarduerak mantenduko dira. Ohiko taberna-kafetegiko zerbitzuari estilo amerikarreko sukalde bat gehitu zaio, eta gainera elkargunea, kartetan jolasteko edo hitz egiteko gunea ere egongo da.
Horrez gain, erabiltzaileek eskatu zuten bezala, jarduera dinamikoagoak eta prebentiboagoak egiteko gune bat izango dute, zahartze aktiboagoa eta osasungarriagoa lortzeko helburuarekin.
Erabilera anitzeko gunea
Jubilatuen alboan zegoen liburutegi zaharreko lokalean “erabilera anitzeko gune bat sortu da, hiru areto dituena, tailerrak, ikastaroak eta hitzaldiak emateko espazioa eta Durangaldeko Mankomunitateak ematen duen Nagusilagun programa garatuko den gunea izango da. Baita Mankomunitatearekin landuko den Eguneko Arreta Zerbitzua martxan jartzeko zerbitzua ere hartuko du”, Udaletik adierazi dutenez.
Horretaz gain, beste bi gune diseinatu dira: elkarteentzako bulego bat eta podologiako udal zerbitzurako gela bat eta Zaindu zerbitzua (Mankomunitateak kudeatzen duen mendekotasuna duten adinekoen senide zaintzaileentzat laguntza, arreta eta orientazioa eskaintzen duen doako programa).
“Jubilatuen Etxe zaharraren erreforma 2017tik 2021era bitartean erabiltzaileekin burututako prozesu parte-hartzaile baten bidez” gauzatu zen, Udal ordezkarien esanetan. Prozesu horrek Pertsona Nagusien Zentro berriak erantzun beharreko errealitateak eta beharrak jasotzeko balio izan zuen.