
Berrizko Udalak Bidegain kaleko berrurbanizazio lanak burutu berri ditu, detaile gutxi batzuren faltan. Egindako hobekuntzak aparkalekuen berrantolaketa, espaloiak zabaltzea eta zebra-bideak jartzea ahalbidetzeaz gain, aldez aurretik gauzatutako Iturritza-Bidegain faseari jarraipena eman diote.
Berrurbanizaio lanen bidez kalea egokitu egin da oinezkoen irisgarritasuna eta ibilgailuen zirkulazio segurua kontuan hartuz. Horretarako, inguruan zegoen berdegune pribatua ezabatu egin da, 1, 3, 5 eta 7 komunitateek hala eskatuta, espaloiak zabaldu dira eta bideak zabalera nahikoa hartu du ibilgailuentzako.
Egindako lanekin, aparkalekuak alde bietara egongo dira Bidegain kalearen erdigunean eta, hasieran eta bukaerako tartean berriz, alde bakarrean. Horrez gain, garajeetako sarrera-irteera, lurpeko edukiontzietarako bidea eta arkuperako loturak ere hobetu dira zebra-bide altu bat jarriz eta espaloia altxatuz.
Bidearen bukaeran gainera, zebra-bide bi kokatu dira; bata altua eta bestea, bukaeran, baxua abiadura moteltzeko eta Matza kaleko loturan biraketa hobetzeko helburuarekin. Bestalde, azken tarte horretan, espaloiaren zabalera berriak igogailuak instalatzeko aukera ahalbidetu die komunitateei.
Berrizko Udalak 205.158,72 euro inbertitu ditu lanak burutzeko eta kopuru hori osotzeko 44.915,33 euroko diru-laguntza eman du Bizkaiko Foru Aldundiak.