Berrizko Udalak programazio berezia antolatu du LGTBI+ kolektiboaren nondik norakoak ezagutzera emateko, eta helburu horrekin hainbat ekitaldi prestatu ditu maiatzaren 17tik, LGTBI+ fobiaren aurkako nazioarteko egunetik, ekainaren 28ra arte, LGTBI+ harrotasun eta sexu askapenerako egunera arte.
Antolatutako ekimenekin “aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin lan egiten” jarraitu nahi du Udalak. Beraz, herritar orori dei egiten die “gizarte inklusibo eta anitza lortzeko bidean, LGTBI+ harrotzeko askatasaunaren alde antolatu diren ekimenetan parte har dezan”.
Prestatutako egitaraua aurreko barikuan hasi zen Learreta-Markina eskolan egindako ‘Libre-libre aske bizitzeko!’ ekintza kolektiboarekin. Maiatzaren 20an, 22an, 27an eta 29an berriz, batukada tailerra egongo da Berrizko kultur etxean, Silvia Palumborekin ahalduntze feminista danbor-banda osatzeko helburuarekin.
Ekitaldiak ekainaren 8an jarraituko dute Berrizburu futbol zelaian jokatuko den LGTBI+ fobiaren, arrazakeriaren eta sexismoaren aurkako futbol partiduarekin. Norgehiagoka 18:00etan hasiko da.
Hurrengo egunean, ekainaren 9an, Danbor-banda berriaren aurkezpena egingo da Berrizko kultur etxetik abiatuta. 18:00etan irtengo den kalejira hasi aurretik, entsegu orokorra egingo da 16:00etan hasita kultur etxe zaharrean.
Prestatutako egitaraua ekainaren 28an ospatzen den LGTBI+ harrotasun eta sexu askapenerako nazioarteko egunarekin amaituko da.
Berrizko Udalatik gogoratzen dute maiatzaren 17an “OME-k homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuela” 1990ean. Horregatik, “LGTBI+ kolektiboetako pertsonentzat balio esanguratsua du, eskubideen aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardueren ardatz katalizatzaile gisa, gaur egun oraindik ere aurre egin behar baitio araudiarekin bat ez datorren pertsona orok”.
Legeak aldatu eta gizarteak aurrera egin arren, LGTBI kolektiboko pertsona askok jasaten ditu oraindik orain bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria. EAEko gizarteak, beraz, bide luzea dauka aurrean, berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortuko badu.