
Elorrio eta Arrasate artean dagoen Kanpanzar gainean urteetan ospatu den San Inazio eguna, bertan behera uztea erabaki dute azken urteetan elkarlanean antolatu duten herri bietako Udalek. Elorrioko Udaletik bidalitako oharraren arabera, “pena handiz” hartutako erabakia bada ere, “2019an San Inazio eguneko ekitaldi instituzionalak ez ospatzea” adostu dute.
San Inazio eguna, uztailaren 31n egiten zen ohitura zaharreko jaia zen. Egun horretako ekitaldiak “gero eta arrakasta txikiagoa izan dute, herritarren parte hartze aldetik, oporren atariko egun hori kanporako bidaiak luzatzeko erabiltzen delako”, adierazi dute Udaleko arduradunek.
Hori dela eta, tradizioari eusteko eta ospakizuna berrindartzeko asmoarekin, data berri bat adostu zuten iaz Udal bietako alkateek. Jaia, uztaileko bigarren asteburura pasatu zuten, baina “saiakera honek ere, ez zuen arrakastarik izan”.
Kanpazarreko San Inazio eguna mugakideak diren bi herrien arteko ospakizuna zen garai baten. “Antzinako alkateen arteko doke txapelketaren bitartez eszenara eramaten zen ohikoa den auzokide diren herrien arteko lehiakortasuna”, Elorrioko Udaletik adierazi dutenez. “Horrez gain, mugarrien ibilbidetxoa ere egiten zen, beste herri batzuetan egiten den eran” eta eguneko egitaraua jaigiroan osotzen zen bazkaria eta erromeriarekin.
Ospakizunik ez badago ere, Elorrioko txirrindulariek San Inazio egunean egiten duten Kanpanzarreko igoera mantenduko dute.