Berton Bertokoa ekimenak flashmob bat grabatuko du Matienan bihar, maiatzak 4, eskoletako jantokietan bertako produktuak, sasoikoak eta bertan prestatuak eskatzeko helburuarekin. Bertan, Berton Bertokoa mugimendua osatzen duten 12 ikastetxe publikoetako familiak batuko dira ‘Sukalde bat jantokian’ abestiaren erritmora dantzatzeko.
Matienako ikastetxeko patioan elkartuko dira arratsaldeko 17:00etan saioa hasteko eta 18:00etan grabatuko dute flashmob-a. Bertako produktuekin egindako pintxoak ere salgai egongo dira eta San Prudentzio jaiak direnez, ez da girorik faltako.
“Bakoitzaren dantzatzeko gaitasuna alde batera utzi eta indarrak batu ditzagun gure seme-alaben elikadura osasuntsu eta jantokien eredu aldaketa aldarrikatzeko”, adierazi dute ekimeneko kideek. Horretaz gain, kamiseta pirata, eskolakoa edo pirata mozorroa jantzi eta zarata egiten duen tresna bat eramateko deia egin dute.
Abestiaren koreografiaren pausuak entseatzeko bideo bat prestatu dute.