Zaldibarko Udalak Bertso Eskola sortzeko asmoa agertu du eta ekimen hori abiatzeko hiru hilabete iraungo duen ikastaroa prestatu du. Eskola horretan parte hartu nahi duten herritarrek 16 urte beteta izan behar dituzte.
Bertso eskolan izena ematen dutenek ordu beteko ikastaroa izango dute astero eta bertan “giro onean eta modu ludikoan, errima, doinua, neurria” eta bestelakoak landuko dituzte. Ikastaroa azaroan hasiko bada ere, izena ematen dutenen artean adostuko dute asteko zein egunetan eta zein ordutegian emango den.
Informazioa gehiago eta izena eman nahi dutenek Zaldibarko Udaleko euskara saileko eguen@zaldibar.eus emailera idatzi edo 946827016 telefonora deitu behar dute. Apuntatzeko azken eguna urriaren 30a da.
Herritar gazteak bertso eskolara gerturatzeko asmoarekin, Durangaldeko bertso eskolen ikasturte hasiera jaia ospatuko dute Zaldibarren urriaren 27an. Eskualdeko bertsolari gazteak protagonista izango dituen ekimena arratsaldeko 19:00etan hasiko da Sorgin tabernan.