Euskal preso eta iheslariekiko elkartasuna eta musika uztartzen dituen 40 Minutu Rock jaialdia bi egunez ospatuko da aurten, otsailaren 22an eta 23an hain zuzen, Durangoko Landako Gunean. Zapatuko musika kontzertuak izango badira jaialdiaren ardatz, bezperako protagonistak motxiladun umeak izango dira.
Izan ere, otsailaren 22an, aita, ama edo guraso biak preso dituzten umeak eta beraiek ikusten joateko milaka kilometro egin behar dituzten motxiladun umeak izango dira gogoan. Horretarako, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen partaidetza izango duen ‘Elkartasun dantzaldia’ prestatu dute jaialdiaren antolatzaileek.
Egun berean, baina gaueko 22:00etan, Gotzon Barandiaranek koordinatuko duen ‘Etxerako giltzak: Preso, iheslari eta deportatuen ausentziaz’ izenburuko ikuskizuna egingo da.
Otsailaren 23rako 16 musika talderen eta disko jartzaileen kontzertuak eta saioak prestatu dira. Landako Guneko ateak goizeko 10:30ean irekiko dira eta bata bestearen jarraian 40 minutuko ekitaldiak eskainiko dituzte jaialdian egongo diren taldeek. Aurtengo egitarauan, Bad Sound, Hesian, Parabellum, Nøgen, Rotten XIII, Ezetaerre, Zea Mays, Esne Beltza, Huntza, Zirkinik Bez!, Ira, Rude Pride, Gorpuzkingz, Suaia, Elepunto eta Alus izango dira.