Durangoko Silboberri Txistu Elkarteak, Txistua XXI. Mendean kontzertua antolatu du gaur arratsalderako, 19:30etan hasita, eta Jesuitak ikastetxeko Arrupe aretoan eskainiko diren lanen artean behin betiko bi estreinaldi entzungo dira.
Ekitaldian, doinu tradizionalak zein garaikideak eskainiko dira, tarteko Mercedes Zavala Gironés madrildarraren eta Urtzi Iraizoz txistulari nafarraren sorkuntza berriak.
Zavalak txistu eta akordeoiarentzat sortutako ‘Bizpahiru ezbai (Dos o tres indecisiones)’ pieza, Silboberrik egindako eskariaren emaitza izateaz gain, konpositoreak txisturako sortu duen lehen lana da.
Iraizoren ‘Lehen laukotea’ berriz, txistu laukotearentzat (txistu lehena, txistu bigarrena, silbotea eta txistu baxua) sortutako pieza da. Obraren ezaugarri nagusia txistu baxua gehitzea da, ekarpen horrek errepertorioa aberastea eta ñabardurak irabaztea ahalbidetzen duelako.
Agerraldia beste hiru lanekin osotuko da: Manuel Oltrak txistu eta akordeoiarentzat konposatutako ‘Pastoral d’Estiu’; Miguel González Bastidak ohiko txistu bandarentzat egindako ‘Triptikoa’; eta Tomás Aragüések txistu eta akordeoiarentzat asmatutako ‘Sonata’.
Kontzertuko protagonistak Aitor Amilibia, Aitor Urquiza, Aritz Labrador, Maite Sagastibeltza, Oskar Ovejero, Iker Sagalá, Aitor Álvarez eta Leire Retegi txistulariak; Josean Hontoria eta Garazi Navas soinujoleak; eta Luis Diego Redondo perkusiojolea izango dira.