Iurretako Mendi Martxak bi ibilbide izango ditu aurten ere, bata 14 kilometrokoa eta 655 metroko gainbehera positiboa duena eta bestea 23,3 kilometrokoa eta 1350 metroko gainbehera positiboaz. Lehena aproposa da umeentzat, zailtasunik gabekoa delako, eta bigarrena mendian ibiltzen ohituta dauden mendizaleentzat prestatuta dago.
Ibilbide biak Iurretako plazatik abiatuko dira irailaren 24an, goizeko 8.30ean, antolatzaileek eskainiko dituzten kafea eta pastak dastatu ondoren. 14 kilometroko ibilbidea duen martxa Mugarraren magaletik igaroko da, San Andres, Santa Lutzi, Katazka, Marmolera bidea Landaederra eta Santa Apoloniatik hain zuzen. Amaiera irteera puntuan izango da.
Martxa luzeak laburraren ibilbide berdina izango du hasieran, baina Mugarraren magaletik abiatuta, Aramotz mendi lerrotik igaroko da eta Artatzagane (996 metro) eta Leungane (1006 metro) mendiak igoko ditu. Ibilbidearen amaiera Inungane, Aramotzetik mendi zeharkaldia, Marmol, Landaederra eta Santa Apoloniatik egingo da, Iurretako plazara heldu aurretik.
Partehartzaileek hornidura solidoa eta likidoa izango dute Inungane eta Marmolen; osasun-zerbitzuak egongo dira ibilbidean eta amaieran luntxa eta dutxatzeko aukera egongo da.
Ibilaldiak parte hartzeko beharrezkoa da izena aldez aurretik ematea. Irailaren 22a orduko www.kirolprobak.com web gunean apuntatzen direnak 8 euro ordaindu beharko dituzte eta izen-ematea egunean bertan egiten dutenak 10 euro ordainduko dituzte. 14 urterartekoek doan izango dute izena ematea martxa laburra egiteko eta egunean bertan eman beharko dute izena. Izena ematen duten lehen 500 partaideek opari bat izango dute.