Durangoko ‘Hitzez eta Ahotsez’ literatura ekimenak laugarren edizioa burutuko du otsailaren 10ean hasita. Aurreko edizioetan ‘Joseba Sarrionandia’ (2014), ‘Itsasoa’ (2015) eta ‘Durangaldeko idazleak’ (2016) izan badira ekimenaren ardatza, aurten ‘Bidaia’ izango da zikloaren gaia.
Antolatzaileek aukeratutako gaia “zentzu zabalean” hartu behar da. Izan ere, prestatutako hitzorduetan “Anbotora, Kubara zein SPra” egindako bidaiez gain, barne bidaiak ere euren tokia izango dute egitarauan.
Aurreko edizioetako ohiturari jarraituz, berbaldi batekin hasiko da aurten ere literaturazaleen ekimena. Durangoko Arte eta Historia Museoan otsailaren 10ean, arratsaldeko 19.00etan, izango den hitzorduan Miren Agur Meabe idazleak ‘Identitate poetiko bat norabide’ izenburua duen hitzaldia eskainiko du.
Tertulia dialogikoak
‘Bidaia, Hitzez eta ahotsez’ ekimenak martxoaren 9an eta apirilaren 6an jarraituko du Durangoko Bibliotekan, edizio honetarako aukeratutako gaiaren inguruko tertulia dialogikoekin. Saio horietara gerturatzen diren literaturazaleek aurretiaz irakurritako testuak izango dituzte berbagai.
Aurtengo edizioa maiatzaren 5ean Plateruena Kafe Antzokian egingo den irakurraldi zabal batekin amaituko da. Aurreko hiru urteetan bezala, ekitaldia parte hartu nahi duen edonori irekita dago eta partaide bakoitzak pare bat minutuko tartea izango du egokitutako edo sortutako testua jendaurrean irakurtzeko.
Hitzez eta Ahotsez ekimenaren antolatzaileek zerrendatuta dituztenez aurreko urteetan parte hartu dutenek, ez dute izenik zertan eman behar. Lehenengoz gerturatu nahi dutenek berriz, hitzezetaahotsez@gmail.com helbidean eman dezakete izena.