
Iurreta Plazaratu mugimenduak kultura eta aisialdirako ekimenak iragartzen dituen Plazaratu Astea burutuko da aste honetan. Domekara arte iraungo duen egitarauan, zapatuan egingo den Bigarren Eskuko Azoka nabarmendu dute eragileek.
Laster urtebeteko ibilbidea beteko duen mugimenduak “dinamikari jauzi bat” eman nahi dio “Sanjuan bezperaren bueltako egun horietan”. Talde eragilearen asmoa “herriko plaza biziberritzea” denez, Iurretako talde, sortzaile eta herritarren partaidetza bultzatu nahi dute.
Prestatutako egitaraua atzo hasi zen Gerlari akademiak emandako Wing Chun arte martzialen inguruko klase interaktiboarekin eta gaur, ume jolasak egongo dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Iurretako Abadetxea izango da hizpide bihar, arratsaldeko 19:00etatik aurrera emango den hitzaldiarekin eta argazki erakusketarekin. Plataformako kideen arabera “Abadetxea plazaren bizitzan garrantzi handikoa izan da hamarkada luzetan, eta hutsik dagoenetik eragina igarri da herriko mugimendu soziokulturalean. Eraikinaren ateak zabaldu zituen Julen Kaltzada abadeak zioen bezala, ‘ha etxea ez da nirea, herriarena baino”.
Barikuan arratsaldepasa egingo dute plazan, ping-pong mahaiak jarriz eta bertaratzen direnei bestelako jolasetan parte hatzeko aukera emanez.
Bigarren Eskuko Azoka
Plazaratu Asteko ekimen aipagarrienetakoa zapatuan 10:30etatik aurrera egingo den Bigarren Eskuko Azoka izango da. Bertan jarriko diren postuez gain Dj Itsuak eskainitako musikarekin girotu dira inguruak.
Arropa eta tresnen berrerabilera sustatzeaz gain, Plazan ipiniko diren postuekin “kultur aniztasuna” sustatu nahi dute. Izan ere, Palestina, Mali, Maroko, Senegal eta bestelako jatorrietako jatekoa dastatu ahalko dira, Iurretako komunitate kulturalek eskainita.
Bertan parte hartzeko beharrezkoa da Gauargi eta Oreka tabernetan zein iurretaplazaratu@gmail.com helbide elektronikoan izena ematea.
Eguneko egitaraua borobiltzeko, plaza eremua antzokia bihurtuko dute Cecilia Paganini eta Gorka Ganso herriko artistek, gaueko 22:00etatik aurrera eskainiko duten Boluda Kabaretarekin.
San Juan bezpera
Domekan ospatzen den San Juan bezpera egunerako hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Goizean zehar Aire libreko margo lehiaketa eta umeen marrazki lehiaketa egongo dira. Artista bakoitzak aukeratutako teknika, formatu eta euskarriarekin burutuko den lehiaketa 8:30ean hasiko da, eta umeena berriz 11:00etan. Helduen lehiaketak 200, 100 eta 50 euroko sariak banatuko ditu eta umeen atalean opariak emango dira.
Iluntzean, Jai batzordeak antolatutako San Juan bezperako afaria egongo da. Jarraian sua piztuko dute eta Luhartzen erromeria egongo da.