Mallabiko Udalak eta herriko elkarteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte martxoaren 20an herritik igaroko den Korrika 23ren harira. Euskararen aldeko lasterraldia eta horren inguruan antolatutako ekitaldi kulturalak bihar bertan aurkeztuko dira.
AEK-k eta Gazte Alaiak dantza taldeak antolatutako aurkezpena 19:00etan hasiko da frontoian. Bertaratzen diren guztiekin argazkia egin ondoren, luntxa, dantza ekitaldia eta irakurraldi musikatua egongo dira.
Barikuan, trikipoteoa egongo da 19:00etatik aurrera, eta domekan Durangaldeko Txistulari Eguna ospatuko dute, ekitaldi nagusia 12:00etan Andra Mari elizan eskainiko duten kontzertua izango dela. Superigandea ere ospatuko dute; goizean haurrentzako jolasak egongo dira eskolako frontoian eta arratsaldean pelikula bat proiektatuko da Kontzejuzarrean.
Korrika Mallabin
Korrika 23 eguaztenean, hilak 20, igaroko da Mallabitik zein Ermutik eta udalerri bietako herritarrek elkarrekin egingo dituzte hainbat kilometro. Edizio honetan lasterraldia Elgetatik gerturatuko da eta Aixolako presan jasoko dute lekukoa 8:47an. Eitzaga ingurura 9:06ak aldera gerturatuko da eta Mallabin 09:24ean sartuko da. Areitio gaina 9:40an zeharkatuko da eta udalerritik igaro ondoren Ermuko Arizmendira helduko da 10:00etan.
Egunerako Mallabin prestatutako egitaraua 15:00etan eskolatik abiatuko den Korrika Txikiarekin, 16:00etan egingo den txokolatadarekin eta 16:30ean hasiko den disko festarekin osatuko da.
Egitarauan martxoaren 21ean, 19:00etan, Kontzejuzarrean emango den ‘Bizkarsoso’ filmaren emanaldia ere tartekatu dute.
Bestalde, autobusak antolatu dituzte martxoaren 24an Baionara gerturatzeko, Korrika 23a Lapurdiko hiriburuan amaituko baita.