
Durangoko Kurutziaga ikastolak Jose Martin Urrutia ‘Txotxe’ omenduko du gaur, arratsaldeko 20.00etan, ikastetxe horretako jolas-eremu eraberrituan. Ekitaldia “xumea baina bihotzetik egina” izango dela adierazi dute antolatzaileek eta bertaratzen direnei “kandelak ekartzeko gonbitea” egin diete.
Gaixotasun baten ondoren otsailaren 4an hil zen ‘Txotxe’ri egingo dioten omenaldian “ikasle eta irakasle ohiak, lankideak, lagunak, familia eta haren akordua bizirik gura duen guztia” batuko daiteke. Ekitaldira eramango dituzten kandelekin, ‘Txotxe’ri agurra egiteko akorduarekin osatu zen papera erreko dute.
‘Txotxe’ 1986an hasi zen lanean Kurutziaga ikastolan eta ikasturte horretan ‘Behin batean ju, ju, ju…’ antzezlana taularatu zuten ikasleek. Harrezkero, hogeita hamar urtetik gora dituen Kurutziagako antzerkigintza proiektuaren baitan, beste hainbat antzezlan sortu zituen.
Elgoibar bere sorterriko Taupada eta Ekekei antzerki taldeetan hasitako ibilbideak, ikastolan eta Durangon sortu zuen Karrika antzerki taldean izan zuen jarraipena. Kurutziaga ikastolako ikasleen antzezlanak gauzatzeko berriz, denetatik egin zuen: gidoiak idatzi, dekoratuak egin, zuzendaritzarekin arduratu, kartelak diseinatu… “Halako erronkari talde-lanarekin erantzutea izan dira egitasmoaren oinarri-oinarriko helburuak eta Txotxerenak berarenak ere” Kurutziaga ikastolatik adierazi dutenez.
Bere izena antzerkiarekin lotzen bada gehien bat, ikastolako Orientazio Departamentuan izan zuen bere jardun nagusia. “Bertako kide legez, lan handia egin du hamaika ikaslerekin euren ikaskuntza prozesuan gidatzen eta, seguru, berarekin izan direnek ez dutela ahaztuko”.