

Natalie Grinczer-en garaipenarekin Bizkaia-Durango taldeak 2019 denboraldiko markagailua estreinatu zuen zapatuan jokatutako Balmasedako Emakumeen Sarian, Espainiako Koparako bosgarren proba puntuagarrian. Txirrindulari ingelesaren ostean, talde bereko Nicole D’Agostin helmugaratu zen. Junior mailan, aldiz, Iurretako CAD Turnkey taldeko Amaia Lartitegirentzat izan zen garaipena.
Zortzi txirrindulariz osatutako ihesaldi bat izan zen lasterketako protagonista. Bertan Bizkaia-Durangoko Enara López, Ainara Elbusto eta Luisa Ibarrola; Sopela Women’s Team-eko Sara Martín, Maria Martins eta Yurani Blanco; Massi Tactic-eko Mireia Benito eta Eneicue-ko Ziortza Isasi elorriarra izan ziren.
Tropelak ihesaldia harrapatuta, Enara Lopezek bidea ireki zuen Natalia Grinczer-ekin eta Nicole D’Agostin-ekin batera. Hala ere, azken kilometroetan Lopezi indarrak amaitu zitzaizkion eta lasterketa burutik kanpo geratu zen. Azkenean, Bizkaia-Durangoko ingelesarentzat izan zen garaipena, talde bereko Nicole D’Agostin eta Eneicue-ko Lija Laizāne-ren aurretik.
Sailkapenen buruan
Espainiako Kopako sailkapen nagusian Bizkaia-Durango taldeko Cristina Martínez da lider berria eta Nicole D’Agostin-ek Torneo Euskalduneko sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du.
Junior mailan, Iurretako CAF Turnkey taldeko Amaia Lartitegirentzat izan zen garaipena. Busturiako txirrindularia azkarrena izan zen lau protagonista izan zituen esprintean eta, ondoren, Naia Amondarain eta Maria Bruzuela helmugaratu ziren.