Pilotari profesionalen partiduekin gozatzeko aukera egongo da gaur Traña-Matienako udal frontoian. Arratsaldeko 17:00etan hasiko den jaialdian, Bizkaia pilota txapelketaren IX. edizioko final-laurdenetako kanporaketak jokatuko dira.
Jaialdian, Oiz eta Ganekorta taldeak osatzen dituzten ordezkariek jokatuko dute, lau t’erdian, eskuz binaka eta buruz buruko modalitateetan. Lehenengoan, Pello Etxeberria eta Elezkano II.a izango dira aurrez aurre; bigarrenean, Ezkurdia eta Rezustak osatutako bikoteak Irribarria eta Zabaletarekin neurtuko dituzte indarrak; eta hirugarrenean, Elordi eta Zabala arituko dira banan-bana.
Traña-Matienan jokatuko diren Bizkaia pilota txapelketaren final-laurdenetako partiduak, Abadiñoko Udalaren laguntzarekin antolatu dira. Lehiaketa “Bizkaiko bost udalerritan” jokatuko da eta “pilotaz maila gorenean gozatzeko aukera paregabea da” Patxo Campo kirol zinegotziaren esanetan.
Bertaratzeko sarrerak leihatilan erosi ahal izango dira ordubete lehenagotik, edo www.entradasfronton.com webgunean.
Bizkaia txapelketaren IX. edizioa Gallartan hasiko da gaur bertan, eta Oiz eta Ganekogorta deituriko taldeez gain, Anboto, Kolitza, Sollube eta Gorbeia izendatutakoak osatuko dute lehiaketa. Finala, Bizkaia frontoian jokatuko da Aste Nagusian.
Hobekuntzak frontoietan
Traña-Matienako frontoiak zituen argiztapenean gabeziak konpontzeko lanak egiteaz gain, kirol-esparrua ere margotu du Abadiñoko Udalak. Esku-hartzeak 20.331 euroko inbertsio globala eskatu du (BEZ barne).
Bestalde, 23.915 euroko aurrekontua duten Mendiolako udal pilotalekuko lurzorua konpontzeko lanak ere egunotan hasi ditu Udalak, eta instalazioa margotzeko aurrekontua eskatu du.