Ametx erakunde autonomoak antolatutako Ibiliaz Ezagutu programan, lau irteera antolatu dira martxoa eta maiatza bitartean. Oraingoan, Euskal Herriko kanpoalde ederrak era barnealde ezkutu eta misteriotsuak ezagutzeko irteerak egingo dira. Bizkaian eta Gipuzkoan dauden kobazuloetako batzuen inguruetara hurbilduko dira, eta euren gaineko hainbat kontu ezagutzeko.
Ibilbide guztiak 12 eta 15 kilometro ingurukoak izango dira eta guztiak zailtasun ertainekoak. Lehenengoa Ereñotik irten eta Ereñozar igo ondoren, Omako basoa ikusi eta Bizkaiko Santimamiñen amaituko da irteera. Hurrengokoa, apirilaren 1ean, Lekeition izango da. Lekeitioko talaiara igo eta arrain sardei zelan erreparatzen zitzaien ikusi ondoren, Zatika eta Kurtxiaga auzoetatik Lumentza mendira abiatuko dira, Lumentza eta Armintxe kobazuloen sarreretaraino hurbilduz.
Maiatzean beste bi irteera antolatu dira. Lehenengoa, maiatzaren 6an, Oñatiko inguruetara abiatuz. Arantzazuraino autobusez hurbilduko dira eta, bertatik, Aloña mendi katera igo eta ibilbidea Pottokalekun amaituko da. Ondoren, interesa dutenek Arrikrutzeko kobaren bisita gidatua egiteko aukera izango dute. Azkeneko ibilaldian Zestoa eta Sastarrain bailara ezagutzeko aukera izango da, Ekainberriko kobazulotik hurbil ibiliko dira maiatzaren 13an.
Aurrekoetan bezala, autobus zerbitzua izango da ibilbidearen hasiera puntuetara mugitu eta amaiera puntuetatik etortzeko. Irteerak goizeko 8:00etan izango dira Nafarroa aparkalekutik. Izen-ematea Zelaieta zentroko erregistroan egingo da.