Amorebieta Etxanoko Udalak Labayru Fundazioarekin elkarlanean egindako ‘Bizkargiko Eguna: atzotik gaurkora’ dokumentala estreinatuko du urriaren 26an, 20:00etan, Zornotza Aretoan. Sarrerak doan eskuratu ahal izango dira aretoan bertan.
18 herritarren testigantzetan eta denboran zehar partekatu izan dituzten bizipenetan oinarrituta, ikus-entzunezkoak urteetan zehar ospatzen den egun horren jatorria eta bilakaera jasotzeaz gain, gune horretan izandako gertakariak erakusten ditu. Izan ere, Bizkargiko erromeriak aldaketak izan ditu bere historian zehar, eta garai berrietara egokitu da.
‘Bizkargiko Eguna: atzotik gaurkora’ dokumentalaren emanaldia 2023ko Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan antolatu da eta emanaldiaren ondoren, 21:30ak aldera, mahai-ingurua izango da parte-hartzaileekin batera. Gainera, urriaren 16tik 27ra Zelaieta zentroan ikusgai egongo den erakusketak, Bizkargiko erromeriarekin zerikusia duten dokumentuak aztertzeko aukera emango du.
‘Ondarea bizirik!’ lelopean burutzen ari diren Ondarearen Europako Jardunaldien barne antolatutako ekitaldi biak “Amorebieta-Etxanoko kultur ondarearen zati baliogabe bat nabarmentzea eta babestea izango dute helburu”, Ainhoa Salterain alkatearen esanetan.
Historia aberatsa
Proiektu hau Labayru Fundazioarekin elkarlanean gauzatu dela nabarmendu du Salterainek, eta hark funtsezko zeregina izan duela dokumentalaren ikerketan, dokumentazioan eta sorkuntzan. Horregatik, “eskerrak eman nahi dizkiet Labayrutik dokumentala sortzen lagundu duten pertsona guztiei”.
‘Bizkargiko eguna: atzotik gaurkora’ dokumentalak “jaiaren historia aberatsa ardatz duen ekoizpen bat da, eta ospakizun bakar honen bilakaera eta garrantzi kulturala partekatzea du helburu”, Igone Etxebarria, Labayru Fundazioaren zuzendariaren arabera.
Santi Kurutz ospe handiko lekua izan da Amorebieta-Etxanoko pertsonen oroimenean, eta baita inguruko herrietan bizi direnentzat. “Luzaroan, maiatzaren 3an ospatzen zen erromeria baten helmuga izan da Bizkargi. Gerora, tradizioak berak eboluzionatu eta ‘errepikapenaren eguna’k hartu zuen indarra, festari hurrengo igandea gehituz eta ospakizunari ñabardura berri bat eginez”, Etxebarriaren esanetan.
Erromeria eta gerra
Dokumentalak Bizkargiren bi aldeak aztertzen ditu. Alde batetik, urtero-urtero maiatzaren 3an ospatzen de erromeria eta bestetik Gerra Zibilean gertatutakoak. Sasoi baten, jendetza batzen zen egun horretan Bizkargin, eta erromeria itzela egiten zen, baina gerran izandako gertakizunengatik memoriarako leku ere bihurtu zen.
Ikus-entzunekoak, era berean, hiru gai nagusi jorratzen ditu Etxebarriaren esanetan: “Bizkargi, erromeria leku paregabea”, “Bizkargi, memoria lekua” eta “Bizkargi, elkarlanetik antolatutako jaia”.
“Aurten, Ondarearen Europako Jardunaldiek ‘Ondare Bizia: Ondare Immateriala’ gaia dute ardatz, eta Amorebieta-Etxanok bere tradizioa nabarmentzea erabaki du, Bizkargiren erromeria, tokiko komunitatearen bihotzean sakon errotuta baitago, nahiz eta hainbat lekutako pertsonak erakartzen dituen”, Jon Artabe, Idazkaritza, Funtzio Publiko, Gardentasun eta Gobernu Oneko zinegotzia, Euskara, Berdintasuna eta Arkalaz!-en zeharkakotasunaren koordinatzailearen esanetan.