
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udabarriko Faseko lehen saioa jokatu zen igandean Berrizko Kultur Etxean eta bertan izan ziren eskualdeko bi ordezkariek, Aitor Bizkarra abadiñarra eta Beñat Romero zornotzarra, bigarren eta hirugarren sailkatu ziren hurrenez hurren.
Bete egin zen aretoan jokatutako lehen saioko irabazlea Leioako Peru Vidal izan zen, eginbeharreko lana amaitu ondoren 178,25 puntu lortu baitzituen. Bizkarra berriz puntu eta erdira sailkatu zen, 176,75 puntu metatu eta gero, eta Romero zornotzarrak 163 punturekin eskuratu zuen hirugarren postua.
Lander Ibarluzea ‘Aitxulua’ (159,5), Mikel Galartza (146,25) eta Iñaki Lersundi (130) sailkatu ziren ondoren.
Bizkaiko Txapelketako bigarren jardunaldia datorren domekan izango da Bermeon eta bertako Kafe Antzokiko agertokian Aitor Arrutia, Ander Elortegi, Dani de Miguel, Imanol Arrutia, Jone Larrinaga eta Julen Ibarguengoitia lehiatuko dira.
Eskualdeko beste sei ordezkariak
Ondorengo saioak Erandion, Ondarroan (apirilaren 24an, Beikozini Antzokian, Txaber Altube abadiñarra eta Peio Azkarate durangarraren partaidetzarekin), Derion (apirilaren 30ean, Gurea Aretoan, Xabier Irakulis zornotzarraren partaidetzarekin), Gueñesen, Orozkon (maiatzaren 8an, Donibane Aretoan, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarra lehiatuko dela), Arrigorriagan (maiatzaren 14an, Lonbo Aretoan, Igor Galartza abadiñarra eta Ander Aldazabal zornotzarraren partaidetzarekin) eta Getxon izango direla.
Udazkenean jokatuko da bigarren fasea eta bertan 30 bertsolari arituko dira guztira, tarteko 2014an jokatu zen azken edizioko finalistak zein noizbait finalista izandakoak. Beraz, Udabarriko Fasean lehiatu eta Udazkeneko Faserako sailkatuko diren bertsolarien izena ez da jakingo azken unera arte.