
Durangoko Azokak Boluntariotza Programa abiatuko du bigarren urtez, iazko esperientzia aberasgarriaz baliatuta. Ekimen honetan parte hartzeko 18 urtetik gora izan behar dira eta ekimenen parte hartzen dutenek harreman publikoetan, azpiegituran edo komunikazio arloetan lagunduko dute.
Boluntariotza programan parte hartzea nahi dutenek Azokaren hainbat arlotan laguntzeko aukera izango dute. ‘Harremanak’ arloko boluntarioen zeregin nagusia bisitariei programa, sinadura, erakusleihoen kokapena eta abarrei buruzko informazioa ematea izango da. Boluntarioak leku ezberdinetan egongo dira eta bestelako zereginetan ere lagun dezakete, e-liburutegian edo Areto Nagusiaren prestaketan, esaterako.
‘Azpieguturak’ arloko boluntarioek Azokaren antolaketa logistikoari lotutako zereginetan lagunduko dute, besteak beste, aparkalekuetako zaintza, Azokaren ate irekierak edo erakusketetako objektuen zaintza.
‘Komunikazioa’ arloan laguntza emango duten boluntarioek harreman zuzena izango dute Komunikazio lan taldearekin eta euren zeregina informazioa zabaltzeko egingo diren ekintzetan laguntza ematea izango da, lokuzio lana egitea, euskarri ezberdinetako erreportajeak edo arlo birtualean lana egingo dute.
Egitasmo honetan parte hartzeko beharrezkoa da 18 urtetik gora izan eta euskaraz komunikatzeko gai izatea. Txanda bakoitza hiruzpalau ordukoa izango bada ere, boluntarioaren esku egongo da txanda bat baino gehiago egitea.
Egindako lanaren truke, boluntario bakoitzak motxila bat jasoko du, ura eta mokadutxo batekin, eta horrez gain, aurtengo kartelaren irudia duen identifikaziorako kamiseta ere eskuratuko du. Beharrezkoa dutenek boluntariotza-agiria ere jasoko dute, Azokan boluntario lanetan egon direla baieztatzen duen agiria.
Izen-ematea egitea www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez. Lehenengo urratsa erregistratzea izango da (“kontua sortu” estekan klik eginez) eta horren ostean galdetegia bete beharko da. Azkenik, bakoitzak nahiago duen txanda eta zeregina aukeratu ahal izango du.
Izena emateko epea zabalik dago jada eta urriaren 31ra arte luzatuko da.
Boluntariotza programa iaz jarri zen lehen aldiz eta Gerediaga elkarteko kideen esanetan “erantzun bikaina jaso genuen kulturzale eta euskaltzaleen eskutik; dozenaka lagun izan genituen Azokaren antolakuntzan lanean, kulturaren plaza barrutik ezagutzen, eta 50. edizioa denon artean borobiltzen”.