Zaldibarko Udaleko Euskara zerbitzuak irakurzaletasuna bultzatu nahi duen ‘Booktuber lehiaketa’ prestatu du datozen egunetarako eta irabazleek herriko dendetan gastatzeko 50 euroko bonoa eskuratuko dute. Irakurri eta gustuko den liburu baten laburpena bideo baten bidez egitea da lehiaketaren oinarria.
Bideoaren iraupena 1,5 minutu eta 2 minutu artekoa izan behar da eta nahitaez euskeraz egin behar da, irakurritako liburua gaztelaniaz idatzitakoa bada ere. Partaide bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Bideoak banaka edo binaka aurkeztu daitezke, baldin eta kideak liburu bera irakurri badu.
Partaideek liburuaren izenburua, egilea, itzultzailea edo ilustratzailearen izena-deiturak eta argitaletxea aipatu behar dituzte eta ez dira onartuko liburuaren behar baino datu edo informazio gehiago ematen dituzten bideoak.
Grabatu eta editatutako bideoa Youtubera igo behar da, aldez aurretik kanal bat sortuta. Hala ere, bideoa era publikoan edo pribatuan jartzeko aukera dago.
Antolatzaileek bi kategoriatan banatu dute lehiaketa, bata 18 urtetik beherakoentzat eta 18 urtetik gorakoentzat bestea. Lanak aurkezteko epea, kasu bietan, maiatzaren 18an amaituko da.
Lanak aurkezteko formulario bat (https://labur.eus/BooktuberZaldibar) bete behar da eta adingabeek, gainera, gurasoen baimena erantsi beharko dute.
Zalantzak edo argibide gehiagorako eguen@zaldibar.eus helbidera idatzi edo 94 682 70 16 telefono zenbakira deitu daiteke.