Asteartetik aurrera Zornotzako Boroako San Pedro auzoak jaiak ospatuko ditu. Boroako Anaitasuna Elkarteak antolatuta, adin guztietarako ekintzak programatu dituzte ekainaren 28tik uztailaren 10era bitartean.
Jaiak arratsaldeko 19etan hasiko dira txupinazo eta suziriekin. Bakona eta sardinak dastatzeko aukera ere izango da trikitilarien doinuekin batera. San Pedro egunean, jaietako egun handia, eguerdiko 12.30etan Paula Aurrekoetxea eta Antonio Apraizen oroimenezko meza Esti Asuak abestuta izango da.
Ondoren, txistularien eta Udabarri dantza taldearen erakustaldia egongo da. Arratsalderako, briska txapelketa antolatu dute. Auzoko hildakoen oroimenezko mezarekin hasiko da San Pedrotxu eguna. Herri bazkaria eta gero, hiru txapelketa antolatu dituzte, bostetan briskarena, seietan igelena eta zazpietan tutearena.
Ostiralean, egitaraua arratsaldean hasiko da beste hiru txapelketekin; zortzientan tortillarena, bederatzietan umeen bolo txapelketa eta hamarretan nagusiena. Gauerako Xabier Aburruzaga eta Joseba A. Urrutia trikitilariak izango dira.
Hurrengo egunean, goizeko bederatzietan txakurren txapelketarekin eta estatuko San Huberto probako txapeldun ordearen erakustaldiarekin hasiko da jardunaldia. Eguerdirako umeentzako puzgarriak eta paella txapelketa antolatu dira. Bostetan, mus txapelketa egongo da eta gauean, hamarretan, idi probak programatuta daude. Gauerdian erromeria antolatu dute Joxe Angel Elizaalderen eskutik, eta goizalderako txokolatada.
Asteburua bukatzeko, triki karro poteoa goizeko hamarretan eta bazkaria antolatuta dago domekarako.
Uztailaren 10ean, Bazkidearen eguna ospatuko dute Boroan. Hildako bazkideen mezarekin hasiko da eguna, 12.30etan. Bazkaria eta gero, bostetan, igel eta bolo txapelketaren ordua izango da. Azkenik, errifaren zozketarekin bukatuko dira jaiak.