Mañariko Hontza Museoak 2018-2019 ikasturtean ikusgai izango duen ‘Munduko hareak-Arenas del Mundo’ aldi baterako erakusketa ireki du. Bilduma hau munduko toki desberdinetako hareekin, Iberiar penintsula eta uharteetakoekin zein Euskal Herriko hondartzetan jasotako hareekin osatzen da.
Erakusketa berria gauzatzeko, Hontza Museoko edukiak baliatu dituzte, hondartza desberdinetan zein mendi, desertu eta poloetatik ekarritako hareekin hain zuzen. Bilduman bost kontinenteetako hareak daude.
‘Munduko hareak-Arenas del Mundo’ bildumaren helburua “milaka edota milioika urteren buruan kostaldeko arrokek, kareharrizko edo bolkaniko mendien higadurak edota koral, oskoldunen oskol eta molusku zatiek egin duten ondorengo jalkierak sortutako kolore eta tamaina desberdinetako partikulak erakustea da”, Hontza Museoaren arduradunen arabera.
Aldi baterako erakusketa honetan ageri diren harea gehienak, Museoaren lagunak eta kolaboratzaileak egindako oporretan bildutakoak dira. Horregatik, “gugan pentsatu eta motxilan harea botilatxo bat sartu” dutenen ekarpena eskertu dute.
Ekimen hau iaz ospatutako Hontza Museoaren 30. urteurrenaren baitan jarritakoaren hurrengoa da.