Elorrioko Iturri Kultur Etxean hilean behin eskaintzen den ‘Hileko dokumentala’ ekimenaren baitan, Greziako alderdi neonazia hizpide duen ‘Egunsenti Urrekarako neskak’ (Golden Dawn Girls) pelikula jarriko da ikusgai. Emanaldia eguaztenean izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.
Håvard Bustnes zuzendari norvegiarraren pelikulak, Grezian azken urteetan izandako aldaketa du ardatz; izan ere, hondartza eguzkitsuen eta jende adiskidetsuaren irudia nazismotik gertuko ideologia politikoek ilundu dute, Egunsenti Urrekara alderdia tarteko. Talde politiko horretako alderdikide batzuk espetxeratuak izan ziren Pavlos Fyssas raperoaren hilketaren ondoren eta orduan beraien amek, alabek edo emazteek aurrera pauso bat eman zuten espetxeratuen mezua zabaltzeko.
Pelikulan agertzen diren emakumeak alderdiaren diskurtso ofizialari eusten badiote ere, Bustnesek nahasmenduzko une baten grabatutako irudiak erabiltzen ditu Egunsenti Urrekararen izaera ustela agerian jartzeko.