Durangoko San Fausto jaietan Pinondon jarriko den txosnagunean eta honen inguruetan eraso sexistak ekiditeko asmoarekin, han-hemenka ibiliko diren Brigada Feministak izango dira aurten. Ekimena Durangoko Ibilaldian egondako eragile moreak edo Hernaniko sagardotegi garaian eta Euskal Herriko zenbait txosnagunetan izandako taldeen egokitzapena da.
Brigada Feministak Durangoko Txosna Batzordeak eta Mugimendu Feministak bultzatutako ekimena da eta horretarako zenbait hausnarketa saio egiteaz gain, hainbat bilera egin dituzte taldeak antolatzeko.
Izan ere, Txosna Batzordeak eta Mugimendu Feministak urteak daramatzate elkarlanean “jai giroan ematen diren eraso sexistak ekiditeko”. Orain arte protokoloak eta prebentzioa landu eta paisaia erasoen kontrako sinboloez josi dute, baina “gure akatsetatik ikasiz, beharrei gero eta zehatzago erantzuteko ahaleginean gaude”.
Txosnagunean eta inguruetan han-hemenka ibiliko diren Brigada Feministen helburuetako bat emakumeen irudi ahula apurtu eta “gaua, festa, jaiak… gureak ere badirela errebindikatuko dugu gune hori zainduz”. Brigadak emakume taldeak osatuko badituzte ere, txosnagune osoa dutela aliatu azpimarratu dute “txosnagunea osatzen duten eragile guztiak honekin konprometiturik daudelako”.
Gauero 10 edo 15 lagun ibiliko dira zaintza lanetan. Taldeetan txosnetako eragile desberdinetako emakumeak zein antolatuta ez dauden emakumeak bilduko dira, tarteko mugimendu feministaren aliatuak diren gazteak, heldu edo adinekoak; herrikoak zein kanpotik etorritakoak.
Brigada hauetan parte hartu nahi dutenek, bakarka zein taldeka, durangokobf@gmail.com emailera idatzi behar dute eta bertatik txanda bat proposatuko zaie.
Eta udaltzaiñek bulego barruan, goizeko lauretan txozna aldera joateko eta musika kentzea agintzeko bakarrik?