Elorrioko Udalak bullying-ari buruzko ikastaroa prestatu du datorren eguenerako, hilak 30, 19:00etatik 21:00etara. Iturri Kultur Etxean izango den saioa herritar guztiei irekita dago, nahiz eta bertaratu nahi dutenek izena eman behar duten kirola@elorrio.eus helbidean.
‘Bullying-a kirol eta kultura elkarteetan’ gaiari buruzko bi saio hezigarri egin ditu Udalak martxoan zehar, herriko hezkuntza, kultura eta kirol eremuetako pertsonekin. Orain, ikastaroak herritarren artean izan dezakeen interesa kontuan hartuta, herritar guztientzat irekita egongo den bullying-aren inguruko informazio saioa prestatu dute.
Hitzaldia Aitor Albizu Durangoko Berritzeguneko irakasle-aholkulariak gidatuko du eta euskaraz eta gazteleraz izango da.