Banner en desktop Banner en moviles
Dendariak
Durangoko Udala
Abadiñoko Udala
Amorebieta-Etxanoko Azoka

Euskararen Nazioarteko Eguna 2024 adierazpenak

Aurten ere, konturatzerako, iritsi da abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna hain zuzen ere. Gure agendetan markatuta daukagun data da. Egun garrantzitsua da euskarari behar duen lekua, garrantzia eta erakusgarritasuna emateko. Edozelan ere, urte osoko lanketa da euskararena, eta eguneroko jardunean presente izan behar dugu, zeharlerroa den heinean.

Herri mailan, euskararen normalizazioan lanean dihardugu. Zentzu horretan, erakunde publikoek eta administrazioak eredu izan behar dugu eta, hortaz, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar ditugu.

Euskararen herria gara, zazpi lurraldetan zehar euskaratik eta euskaraz bizi garen XXI. mendeko hizkuntza komunitatea gara. Biziraupena gaindituz, erronka handiak ditugu euskara osasuntsu, moderno, eraginkor eta indartsu bilakatzeko.

Euskaldunok egokitzeko gaitasuna erakutsi dugu historian zehar. Hori da, 2024ko abenduaren 3 honetan ere, hizkuntza bizia, gaitua, baliagarria eta erakargarria edukitzearen atzean dagoen misterioaren esplikazioa. Baina egokitzen asmatzen jarraitu behar dugu, gure herrietako errealitatea inoiz baino biziago aldatzen ari baita. Horregatik, premiazkoa da aurrean dugun erronkari heltzea.

Euskal Herrian zein Durangon, herri mugimendua izaki euskararen normalizazioaren oinarri eta bidelagun, erakunde publikoei dagokigu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea.  Administrazio guztiek dugu euskara biziberritzeko ardura, txikienetik handienera.

Horregatik, euskara indartzeko estrategia egokiak eta eraginkorrak aktibatu behar ditugu gure herriko esparru guztietan. Denak dira ezinbesteko eta denak ditugu jomugan.

Hau guztia posible izan dadin lan egiteko konpromisoa hartu nahi dugu. Politika ezinbestekoa da, eta sinesten dugu, despolitizatu baino, politizatu egin behar dugula hizkuntzaren gaineko diskurtsoa, eta gizarte mugimenduarekin batera egin nahi dugu gorako bidea: euskalgintza aktiboa nahi eta behar dugu soka-lagun. Harreman sareak sendotzeko unea da, bakoitza bere zeregin eta arduratik, baina garbi dugu elkarrekin topatuko dugula bidea.

Esandako guztia aintzat hartuta, Udalak konpromiso hauek berresten ditu:

1.      Durangoko Udalak, bere administrazioaren esparruan, euskara lan-hizkuntza eta zerbitzu-hizkuntza izatea ahalbidetu eta areagotuko du.

2.      Durangoko Udalak konpromisoa hartzen du adostasun sozial eta politiko zabalarekin onartu berri duen Euskararen Erabilera Indarberritzeko AROA Plana garatzeko.

Beste urte betez, 2024ko Euskararen Nazioarteko Egun honetan, Durangoko Udalak, elkarlanean, eraginkortasunean eta adostasunean oinarriturik, euskararen herri izaera indartu, berritu eta biziberritzeko ardura berresten du.

Euskara guztiona da. Hemen gauden eta etorriko diren guztiona.

Gure herrietara iritsi, iristen eta iritsiko diren pertsona guztiei eskua luzatu nahi diegu, eta hizkuntza inklusiboa oparitu: euskara ezagutzeak eskubide soziala izan behar du eta euskara ikasteak, beraz, doakoa eta unibertsala behar du izan. Euskara irakasteko metodo malguak eta doituak behar ditugu, herritar berrien egoerak askotarikoak direlako eta izango direlako. Hizkuntza-harrera eraginkor bat eratu behar dugu denon artean.

Aurten, agerraldi instituzionaletik haratago doan dinamika bat jorratzea izan da gure asmoa, fokoa esparru jakin batean jarriz: kirolean.

Horretarako, hainbat euskarri prestatu ditugu kirol taldeek eta eskola kiroleko taldeek egun horretan (edo datozen egun eta asteetan) euskararen inguruko lanketa egin dezaten. Honako euskarriak prestatu ditugu: jolas proposamenak, elkarteen jarduna euskaratzeko gomendioak, leloak eta hiztegitxoa: adin guztietako erabiltzaileei bideratuta daude. Entrenamenduen dinamika euskaraz izateko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko lagungarriak dira.

Abenduaren 3rako espreski sortuak badaude ere, urteko beste sasoi eta egunetarako erabilgarriak izan daitezkeen materialak dira.

“EUSKARAZ BAGARA” euskarria ere prestatu dugu kirol taldeak eta horietako erabiltzaileak euskaraz mintzatzera gonbidatzen dituena. Kirol talde bakoitzari euskarri bana banatuko zaio, eta argazki bat ateratzeko eskatu, Udalaren webgunera igotzeko eta sareetan zabaltzeko.

Laburbilduz, argi dugu Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3az haratago doala. Euskararen eguna egunero da, beraz, segi dezagun guztiok euskara indartzen eta euskaraz bizitzen.

Durangoko Udala


Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta hainbat ekitaldi antolatzen ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak urtero euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Sasoia da baina, euskararen aldeko aldarrikapen zabala eta anitza egiteko. Aldarrikapen horien artean honakoak azpimarratu nahi ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak:

Euskararen ofizialtasuna. Espainiako konstituzioaren arabera Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskara ofiziala den arren, gaztelaniaren ofizialtasunak indar handiagoa hartzen du euskararenak baino, eta ondorioz euskararen erabilera eremu askotan mugatuta dago.

Berdintasuna. Era guztietako berdintasuna aldarrikatzeko aroan gaude, diskriminazio mota oro saihesteko, sexua dela, arraza dela, edo bestelako edozein arrazoi dela. Ildo horretan, hizkuntza ofizial bi dauden lurraldeetan ere, hizkuntza bien arteko berdintasuna aldarrikatzen dugu; eta tamalez, oraindik orain, euskara desabantaila nabarmenean dago gaztelaniarekiko.

Euskararen aberastasuna. Euskara da Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza, Penintsula Iberikoan zaharrena, eta Europan ere zaharrena; horrek esan nahi du ondare itzela dela, denok aberasten gaituena. Horregatik, euskarak munduari ―eta bereziki― Europari egiten dion ondare ekarpena aldarrikatzen dugu, eta hori babestea eta sustatzea eskatzen dugu, Espainiako Estatuan ez ezik, Europa guztian ere bai.

“Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean” 7. artikuluko 2. puntuan jasotakoa; honakoa, alegia:

“Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat, neurrion helburua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzok erabiltzen dituztenen eta gainontzeko herritarren arteko berdintasuna bultzatzea edo hiztun horien egoera partikularrak aintzat hartzea bada”.

Horiek horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak konpromisoa eta ardura hartzen ditu behar diren neurriak hartzeko euskara gaztelaniarekiko berdintasun egoerara heldu dadin, eta horretarako behar diren baliabideak jarriko ditu. Halaber, arduradun politikook gainerakoen aurrean eredu izateko konpromisoa hartzen dugu; baita bitartekoak jartzekoa ere, denon hizkuntza eskubideak bermatuta egon daitezen. Azkenik, berdintasuneranzko bidean, herritar guztien bultzada behar du euskarak, dakitenek erabiliz, eta erabiltzeko aukerak sustatuz; baina baita ez dakitenak erakarriz eta euskararekiko errespetua eta aitortza adieraziz. Euskarak guztiok behar gaitu, eta euskarak hizkuntza desberdinen arteko zubi izateko balio behar du. Euskara nirea, zurea, guztiona!

Amorebieta-Etxanoko Udala

 

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (1 votos, media: 1,00 sobre 5)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados