Covid-19aren izurriteak eragin zuzena du gizartean, ekonomiak eta gainontzeko arloetan, baita herri desberdineko jaietan ere. Datozen egunetan Mañarin zein Izurtzan egin behar ziren ekimen eta ospakizunak bertan behera uztea erabaki dute udalerri bietako Udalak.
Mañarian ohikoa da jaiak abuztuaren 14an, Andra Mari bezperan, hastea eta hiruzpalau egunetan zehar hainbat agerraldi, musika saio, bazkari eta bestelako ekitaldiak egiten dituzte. Aurten, ordea, jaiak ez ospatzea erabaki du Udalak.
Hasiera batean “Andra Mari eguna ospatzeko asmoa baldin bazegoen ere egunez hainbat ekintza egiñez, Covid-19aren bilakaera zein den ikusirik, aurten ezer ez egitea erabaki da”, adierazi dute Mañariako Udal arduradunek.
Izurtzan ere jairik ez
Izurtzan ere urteko sasoi honetan egiten diren ospakizunak ere bertan behera uztea erabaki dute. Alde batetik, urtero abuztuaren 16an Urkiolan egiten den errogatiba ez egitea erabaki dute. Hala ere, ohikoa den Santutegiko meza 12:00etan izango da, Covid-19aren izurriteagatik ezarritako segurtasun neurriekin.
Iraileko lehenengo asteburuetan ospatzen diren Izurtzako jaiak ere bertan behera uztea erabaki dute Udaleko arduradunek. Beraz, aurten ez da inolako ospakizunik egongo.