Martxoaren 21ean ospatzen den Poesiaren Nazioarteko Eguna dela eta, literatura mota horren inguruko ekitaldia prestatu dute Iurretako liburutegiko arduradunek. Aste horretako barikurako, hilak 24, prestatu duten saioko protagonistak Dana Moya kantaria eta Miren Agur Meabe idazlea izango dira.
Edizio honetako ardatza “euskal emakume sortzaileen lana” izango da, Ibarretxe kultur etxean dagoen zerbitzuko arduradunek andreen sorkuntza ezagutzera eman nahi dutelako.
‘Begiak zerumugan’ izenburua duen ekitaldiak, Meabek 2020an Elkar argitaletxearekin titulu berarekin kaleratutako lana izango du abiapuntu. Saioan bi diziplina uztartuko dira, musika eta poesia hain zuzen.
Moya eta Meaberen elkarlanetik sortutako ikuskizunak bidaia bat proposatzen du, begirada zerumugan jarrita.
Ekitaldira sartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena erreserbatzea, 946812726 telefonora deituta, mezua bidalita 688863796 WhatsApp zenbakira edo posta bidalita biblioteka@iurreta.eus helbide elektronikora.