Iurretako Bakixa auzoak San Sebastian jaiak ospatuko ditu bihartik domekara bitartean. Aurten ere danborrada, bertsolariak, bakailao txapelketa eta Luhartz taldeak girotutako erromeria nabarmenduko dira egitarauan.
Ospakizunak bihar hasiko dira gaueko 21:00etan Donien atxa altxatzen denean. Jarraian, txokolatada egongo da.
Barikurako bertso afaria prestatu dute eta 21:00etan hasiko den ekitaldian Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Gorka Lazkano eta Txaber Altube bertsolariak arituko dira. Eguneko egitaraua borobiltzeko Ander Bidart bikotearen ekitaldia egongo da.
Gaueko 21:00etan hasiko den bakailao txapelketak emango die hasiera zapatuko ekitaldiei. Gauerdian danborrada hasiko da eta jarraian Luhartz taldeak girotutako erromeria hasiko da.
Domekan ospatuko den San Sebastian eguneko egitaraua 11:00etan Iurretako Koruak abestutako mezarekin hasiko da. Jarraian Mikel Deuna dantza taldearen agerraldia egongo da eta ondoren asto probak hasiko dira. Arratsaldean, briska txapelketa eta Maiztegi Herri Eskolako dantza taldearen ekitaldia egongo dira eta jaiei amaiera emateko umeen jolasak eta txokolatada egongo dira.