Garaiko jaiak datorren domekan hasiko dira, eguerdiko jubilatuen bazkariarekin eta arratsaldean jasoko den Donien Atxarekin, dantzarien azken entseguarekin eta ondoren dastatuko diren Lumagorri oilaskoen pintxoekin. Lehen eguneko egitaraua borobiltzeko Lotxo taldeak girotuko du erromeria.
Herriko zaindaria den Santiago eguneko ekitaldiak txistularien kalejirarekin hasiko dira. 11:00etan San Migel elizan emango den mezarekin eta ondoren santuaren irudiarekin Elizabarriraino egingo da prozesioa, dantzariek ‘Gernikako arbola’ eta ‘Agintariena’ dantzatuko dutela. Ondoren, ezpata-dantzarien saioa egongo da. Arratsaldean, Erregelen erakustaldia eta trikitilarien ekitaldia egongo dira.
Bezperan izandako egitarau berdintsua izango dute martitzen goizean, baina egun honetan Erregelak eguerdian dantzatuko dituzte, lehenengo gizonek eta geroago emakumeek. Arratsaldeko tortilla txapelketarekin eta gabean Iratzar taldeak girotuko duen erromeriarekin borobilduko dute eguna.
Eguazten eta eguen arratsaldean umeentzako jolasak egongo dira eta 27an mus txapelketa eta Txistuman musikariaren ekitaldia egongo badira, 28an briska txapelketa jokatuko da.
Bertsolariak
Eguerdian gazteek egingo duten poteo musikatuarekin abiatuko dira barikuko ekitaldiak eta arratsaldean pilota partidak eta Sarai Robles, Ander Sarriugarte, Oihana Arana eta Iruri Altzerreka bertsolarien saioa egongo da, gai-jartzaile lanetan Ander Elorriaga arituko dela. Hatxe musikariaren saioarekin eta Kilimak taldeak eskainiko duen ekitaldiarekin osotuko da eguneko egitaraua.
Zapatuan herri bazkaria egingo dute eta ostekoa Mariskal Djk girotuko du. Gaueko erromerian berriz, Luhartz taldeak joko du.
Domekako egitaraua meza nagusiarekin hasiko da, eta ondoren dantza-saioa eta herrikoentzako igel jokoaren txapelketa egongo dira. Arratsaldean egingo diren asto-probetan Berangoko Elordi, Mallabiko Irazola, Fikako Construcciones Torrontegui eta Garaiko Anarketa izango dira. Ondoren, Naiara eta Izarra trikitilarien saioa eta herri-afaria egongo dira.
Ospakizunak domekan amaitzen badira ere, hurrengo egunean garbiketa lanak egingo dituzte auzolanean, 15:00etan hasita.