Bizkaiko Foru Aldundiak “datorren astean amaituko ditu Garai herrian dagoen BI-3341 errepidearen konponketa lanak”, Erramun Osa herriko alkatearen esanetan.
Garaiko Udalak Aldundiari eskatutako lanekin foru errepidearen zoruaren 200 metro inguruko tartearen konponketa egin nahi da, “Santa Katalina baseliza dagoen bihurgunetik eta Garaiko herrigunearen arteko tartea, hain zuzen”, Osaren esanetan.
2019ko urte amaieran Udalak errepidearen egoerari buruzko txostena egin eta Aldundira bidali zuen, “tarte horretan zegoen zuloa gero eta handiagoa zelako”, alkatearen arabera. Hobetze lanak maiatzaren hasieran abiatu ziren eta “datorren astean bukatuko dira, berriro errepide bazterreko babes-hesia eta seinaleak jartzen direnean”.
Aldez aurretik, sei metroko sakonera duen hondealana egin zen eta oinarrian hesolen antzeko metalezko errailak jarri ziren bide tartea egonkortzeko. Ondoren, hormigoi armatuzko horma bat altxatu zen errailen burua bertan bilduz, eta hondatutako asfaltozko aglomeratuaren zorua ere konponduko dute.
eskerrik asko. lan gogorra errepidean.