Gabonak aurreko Santxibiri lasterketa herrikoia korrituko da Elorrion datorren domekan eta ohikoa denez ibilbide desberdinak prestatu ditu Durango Masters Kirol Kluba antolatzaileak. Parte hartzea doakoa bada ere, izena eman behar da www.kirolprobak.com webgunean edo lasterketa egunean 10:00etatik 11:15era.
Santxibiriren programa umeen lasterketarekin hasiko da eguerdian. Gaztetxoek Herriko plazatik abiatu eta San Pio X, Kanpokale, Errebonbillo kalea eta Erreka kalea zeharkatuko dituzte, zirkuitoari bi buelta emanez, guztira 900 metroko ibilbidea osatuz. Parte hartu nahi duten umeek, eskoletan eta lasterketa hasi aurretik eman dezakete izena.
Lasterketa nagusia 12:30ak aldera hasiko da eta parte-hartzaileek 5.500 metroko ibilbidea bete beharko dute, prestatutako zirkuitoari bi buelta emanez. Ibilbidea Herriko plazatik abiatuko da eta ondoren Nizeto Urkizu eta Galartza Barrena zeharkatuko ditu Argiñeta etorbidetik Montorrostera jaitsi aurretik. Ondoren, Berriz-Olakueta hiribidea, Urarka eta Erreka kalea zeharkatu beharko dituzte Herriko plazara iritsi aurretik.
Antolatzaileek hiru sailkapen emango dituzte, 2000-2003 urte artean jaiotako gazteen maila, 18 eta 40 urte arteko seniorrena eta 40 urtetik gorako beteranoena.
Lasterketa amaitzen denean sari banaketa eta oparien zozketa egingo da.