
Naia Presto Magunacelaya
Herria: Durango
Adina: 21 urte
Gradua: Ingeniaritza Mekatronikoa
Zaletasunak: Bidaiatzea, lagunekin gelditzea eta kirolak (saskibaloia, mendira joatea)
-Ingeniaritza Mekatronikoa graduko 4. mailan zaude: zergatik aukeratu zenuen gradu hau eta zergatik Mondragon Unibertsitatean?
-Ingeniaritza Mekatronikoa gradua egitea erabaki nuen momentu hartan ez nekielako oso ondo zer egin zer eta, hainbat esparru batzen dituenez, hura egitea erabaki nuen. Izan ere, hainbat alderdi ezberdinari buruzko ezagutzak jaso ahalko nituela pentsatzen nuen. Mondragon Unibertsitatean egitea erabaki nuen, momentu hartan ingurutik gradu hau eskaintzen zuen unibertsitate bakarra zelako eta eskaintza berritzailea iruditzen zitzaidalako, aldaketa asko dituen mundu honetarako.
-Nolakoa izan da orain arte bizitako esperientzia?
-Orain arteko esperientzia asebetegarria da, gelakideekin harremana gertua delako hainbeste lan-talde egiteagatik eta, gainera, lan-giroa ona denez, kontzeptu berriak garatzeko eta barneratzeko erraztasun gehiago dago.
-Zer metodologia erabiltzen duzue, nolakoa da?
-Goi Eskola Politeknikoak jasotzen dudan ikasteko metodologia nahiko praktikoa dela esan daiteke, klasean ikusitako hainbat kontzeptu, praktika batzuen bitartez, aurrera eramaten ditugulako zelan funtzionatzen duen hobeto ikusteko. Horrela, barneratzeko modu errazago bat dela esan daiteke.
-Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta zerbait hobetzeko?
-Unibertsitatean giroa ona eta estua da. Hau da, alde batetik, lan-taldeei esker, ikaskideon artean harremana gertukoa da; beste aldetik, irakasleekin gertutasuna ere badagoenez, zalantzak argitzeko erraztasun handiagoak daude.
Hala ere, hobetzekoak ere badaude; esate baterako, garraioarekin zerikusia daukana. Baita ere, praktikak non egin topatzerakoan, zailtasunen bat egon daiteke jende askori aurkitu behar zaiolako eta, batzuetan, azken momentura arte airean egon zaitezke zer gertatuko ez dakizula.
-Lanean ari zara ikasten duzun bitartean, DUAL ereduan. Non ari zara jardunean eta zer lan mota egiten duzu?
-Hirugarren mailatik DUAL ereduan sartuta egon naiz Teknikerren. Hemen, automatizatzeko helburuarekin, programa ezberdinak programatzen ditut. DUAL eredu honek lan munduan sartzen lagundu dit beste pertsona batzuekin lan eginez eta beraiengandik ikasiz.
-Etorkizunari begira zer asmo dituzu?
-Etorkizunari dagokionez, nire esperientzia aintzat hartuta, ikusi izan dut ikasketak ez direla graduko laugarren mailan amaitzen. Adibidez, lan egiten dudan lekuan ikusi dut proiektu asko daudela eta programa sorta asko erabiltzen direla. Horregatik, ikastea eta aldi berean lanean jarraitzea aukera ona iruditzen zait ikasketekin erreminta ezberdinen oinarri bat izateko, eta lantegi batean egonda industria zer norabidetan doan jakin ahal dudalako. Hau kontuan izanik, gustuko dudan enpresa batean amaitzea gustatuko litzaidake.
MONDRAGON UNIBERTSITATEA
Loramendi, 4. Arrasate | Tel.: 943 712 185 | www.mondragon.edu | info@mondragon.edu