Joan zen astean, San Juan bezperako egunaren bueltan, Andre Mari jaietako egitaraua aurkeztu zion Mañariko Jai Batzordeak herriari. Jaiak, ohi legez, abuztuaren 14an hasiko dira, eta 16an, barikuan, bukatu. Pitxitxiren etorrera eta igoerarekin emango zaie hasiera eta suzia herriko gazteek jaurtiko dute aurten.
Besteak beste, Dupla eta Xiberoots taldeen kontzertuek, herri kirolek eta pilota partiduek izango dira aurtengo ekitaldi nagusiak.
Pilota partiduari dagokionean, Aingeru Bernaola mañariarrak jokatu du Victor Esteban pilotari profesional izandakoarekin, Arteaga II-Merino II bikotearen aurka.
Horrez gainera, gazteen olinpiada ere egongo da, eta mus zein igel txapelketak ere antolatuko dituzte. Jaia barikuan amaituko da, Burrunba elektrotxarangarekin, Pitxitxi agurtuz eta Lehian erromeriaren emanaldiarekin.
Abuztuaren 14tik 15erako gauean, autobus zerbitzua eskainiko da Mañariatik Durangora, 04:00etatik 06:00etara uneoro arituko dena. Doako zerbitzua izango da.