
Durangaldeko seikotea nagusitu zen atzo Markina-Xemeingo Kultur Aretoan jokatutako Bertsolari Gazteen BBK Sariketako azken kanporaketan. Goizeko 10:30ean hasita, Lea-Artibairen aurka neurtu zituzten indarrak, bertako taldeak 380 puntu bildu zituen eta Durangaldeak, aldiz, 436.
Durangaldeko A taldea, 18 urtera artekoa, Irune Basagoiti ermuarrak, Bittor Altube abadiñarrak eta Ander Sarriugarte durangarrak osatu zuten. B taldea, 19 eta 24 urte artekoa, berriz, Eneko Barruetabeña eta Gorka Pagonabarraga durangarrek eta Igor Galartza abadiñarrak. Eider Gallastegi Mallabiarrak Lea-Artibaiko taldearekin kantatu zuen.
Lea-Artibaiko taldean, Eider Gallastegirekin batera, Sara Asenjo, Antton Bereziartua, Aissa Intxausti, Nahia Ibarzabal eta Garazi Navarro bertsolariek kantatu zuten. Atzoko saioko aurkezlea Jone Antsotegi izan zen eta bertsolarien lana epaitzen, Beñat Romero zornotzarra, Jose Garaizabal elorriarra eta Miriam Juaristi zaldibartarra aritu ziren. Idazkari lanetan,aldiz, Ione Narbaiza abadiñarrak jardun zuen.
Finalaurrekotarako txartela
Honenbestez, Durangaldeko taldea finalaurreko fasera sailkatu da. Sopelako Ander Deuna ikastolan kantatu beharko dute Uribe Kostako taldearen aurka, datorren eguenean, martxoak 28, goizeko 9:00etatik aurrera.
Beste finalaurrekoa Deustun jokatuko da eguaztenean, martxoak 27, Uribe Butroe eta Hego Uriberen artean. Finalaurrekoak irabazten dituzten talde biak zuzenean sailkatuko dira finalera, apirilaren 3an Bilboko BBK Salan jokatuko dena.