
Durangaldeko seikotea gailendu zen atzo Bilboko BBK Salan jokatutako Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalean. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Hego Uribeko taldearen aurka neurtu zituzten indarrak; Durangaldeak 466,5 puntu lortu zituen, Hego Uribek, aldiz, 391. Horretaz gain, Bittor Altube abadiñarrak bizkaiera onenaren saria eraman zuen.
Durangaldeko A taldea, 18 urtera artekoa, Irune Basagoiti ermuarrak, Eider Gallastegi mallabiarrak eta Ander Sarriugarte durangarrak osatu zuten; B taldea, 19 eta 24 urte artekoa, ostera, Iruri Altzerreka garaitarrak, Gorka Pagonabarraga durangarrak eta Bittor Altube abadiñarrak.
Hego Uribeko taldean, Maider Altuna, Gerizeti Zubiaurre, Itxasne Rodríguez, Maite Sarasola, Ander Anakabe eta Mikel Aiartzaguena bertsolariek kantatu zuten. Atzoko saioko aurkezlea Ainhoa Urien abadiñarra izan zen eta bertsolarien lana epaitzen, Graxi Arregi, Juanjo Respaldiza eta Miriam Juaristi zaldibartarra aritu ziren. Idazkari lana, ostera, Idoia Anzorandiak egin zuen.
Parte hartzaileei, opari bana
Iaz egin zen moduan, taldekako agurrekin hasi da saioa; aurten, gainera, agur hori puntuagarria izan da eta ariketa bat gehiago bezela puntuatu dute epaileek.
Sari banaketa ekitaldian Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ordezkariak, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak eta Enrique Dávila BBKko ordezkariak hartu zuten parte. Atzoko saioko protagonistez gain, gainontzeko eskualdeetako parte hartzaileak ere oholtzara igo ziren eta opari bana jaso zuten.
