
2019ko Bertsolari Gazteen BBK Sariketan izango diren Durangaldeko sei ordezkariak bihar lehiatuko dira, Markina-Xemeingo kultur aretoan, goizeko 10:30ean. Saio horretan Lea-Artibaiko taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak.
Aurtengoa, BBK Sariketaren 27. edizioa da eta, Durangaldeko ordezkariez gain, Arratia, Busturialdea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe Butroe, Uribe Kosta eta Lea-Artibaiko taldeak ari dira lehian.
Dagoeneko finalaurrekoetan dauden taldeak Uribe Butroe, Hego Uribe eta Uribe Kosta dira. Biharko saioaren ondoren, beraz, erabakita geratuko dira finalaurrekoak. Durangaldeko bertsolariek aurrera eginez gero, martxoaren 28an, Sopelan jokatuko den saioan kantatu beharko dute.
Sariketa honen ezaugarri nagusietako bat taldeka jokatzen da eta, ondorioz, bertsolarien lana talde moduan baloratzen da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera.
Talde bakoitza multzo bitan banatuta dago: A mailakoak 18 urtera artekoak dira eta B mailakoak, berriz, 19 eta 24 urte artekoak. Durangaldeko A taldea Irune Basagoiti ermuarrak, Eider Gallastegi mallabiarrak, Bittor Altube abadiñarrak eta Ander Sarriugarte durangarrak osatzen dute. B taldea, aldiz, Eneko Barruetabeña eta Gorka Pagonabarraga durangarrek eta Igor Galartza abadiñarrak. A taldean bertsolari bat gehiago dagoenez, saioan bertan erabakiko dute horietako zeinek kantatuko duen Lea-Artibairekin, bertsolari bat falta baitzaie A taldea osatzeko.
Sari nagusia, guztientzako plana
Talde izaera eta elkarren arteko harremanak indartzeko asmoz, aurten ere, BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango da. Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da.
Horretaz gain, finalaren egunean, apirilaren 3an, parte hartzaile bakoitzarentzako oparitxo bat ere banatuko da.