Durangaldeko taldeak irabazi du XXX. bertsolari gazteen BBK sariketako finala, Bilbon jokatutako azken saioan Lea Artibaiko taldea gainditu eta gero. Eskualdeko seikoteak 493 puntu lortu zituen eta Lea Artibaikoak 454.50.
Eskualdea ordezkatu zuten bertsolariek Maddi Aurtenetxe, Kelmene Abaitua eta Ixone Asategi izan ziren 18 urte artekoen artean, eta Araitz Katarain, Ander Elorriaga eta Irune Basagoiti 19 eta 26 urte bitartekoen artean. Lea Artibaiko taldean berriz, Bittor Altube abadiñarra aritu zen.
Bilboko BBK aretoan jokatu zen finala irabazteaz gain, Ander Elorriagak aurtengo kantaera onenaren saria ere jaso zuen.
Ekitaldiaz gain, 30. urteurren jaia ere egin zen aretoan bertan eta sariketa amaitzearekin batera, Ibon Izak sariketaren errepasoa egin zuen bertso jarrietan. Ostean, argazki zaharren emanaldia eta brindisa egin zen, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita balkoitik balkoira bertsotan ibili ziren bitartean.
Gero, mokadutxoa jateko eta sariketaren ibilbidea komentatzeko tartea hartu ostean, bertso saioa egin zuten Nerea Ibarzabal, Igor Elortza, Oihana Bartra, Asier Alcedo eta Jone Uriak. Gai-jartzaile lanetan Igor Menika eta Idoia Anzorandia ibili ziren.